ESKOLARTEKO eskubaloi txapelketa amaierara iritsi da Zumaian. Hiru hilabeteren ondoren, ikasturteko azken partidak jokatu zituzten joan den abenduaren 19an, Lubaki kiroldegian. Guztira, 36 taldek hartu dute parte txapelketan: benjamin nesketan, 10 taldek; benjamin mutiletan, 9 taldek; alebin nesketan 8 taldek; eta, alebin mutiletan, 9 taldek. Horrez gain, «entrenatzaile tropel bat, dozena erdi epaile, ikastetxeetako kirol arduradunak eta animoak ematen aritu diren hamaika guraso. Mila esker guztioi, zuek egin duzue posible herriko gaztetxoen ilusioa eta kirolerako gogoa asebetetzea», adierazi du antolatzaile lanetan jardun duen Pulpo kirol elkarteak. Nesketan, Txibirita eta Txutxiflutis izan ziren lehia bizian. Batzuen eta besteen ahaleginak agerikoak izan ziren eta berdinduta bukatu zuten partida; bost minutuko luzapenak ere ez zuen ezer erabaki. Azkenean, Txibirita izan zen txapeldun penaltietan. Mutiletan, berriz, Maria eta Jose B eta Matxakerrak taldeak aritu ziren nor baino nor. Partida estua izan zen, baina azkenean Maria eta Jose ikastetxekoek irabazi zuten.
Finaletara bi talde bakarrik iritsi arren, talde guztiek egindako lana eta erakutsitako jarrera eskertu dute antolatzaileek: «Beste behin ere, talde lana, elkartasuna, parte hartzeko gogoa, ahalegina eta kiroltasuna izan ditugu nagusi; eta kirola, eskubaloia kasu honetan, izan da garaile». Era berean, Pulpok eskubaloi eskola jarri du abian, eta ateak zabaldu dizkie eskubaloian jokatu nahi duten denei.�